Ostirala, 2013ko apirilak 26a.
Santiago Gonzalez.
Euskadiko xake txapelduna.
«Aldatu egin behar da euskal xakea,
errotik».
Euskal xakelarien azken belaunaldiko
alerik onenetakoa da. 29 urterekin, hiru aldiz izan da jada Euskadiko
txapeldun. Kritikoa da euskal xakearen etorkizunaz. «Aldaketa sakon bat» behar
dela dio.
Josu Tornay.
/ GROS
XAKE TALDEA.
Bi aste joan dira Santiago Gonzalez de la Torrek Zornotzan
(Bizkaia) Euskadiko Xake Txapelketa irabazi zuenetik. Hirugarren txapela du
xakelari bilbotarrak, Felix Izetak, Jesus Iruzubietak eta Rafa Alvarezek adina.
Horiek guztiek, ordea, oso urruti dute Mario Gomez maisu handia: bederatzi
txapel ditu. Hala ere, Gonzalezek izango du ziurrenik aukerarik bere garaipen
zerrenda loditzeko. Izan ere, 29 urte ditu, eta etorkizun handia. Etorkizunaz
galdetuta, hala ere, ezkor da.
Pixkana-pixkana ari zara garaipen zerrenda handitzen. Dagoeneko, hiru txapel
dituzu. Hala ere, urruti duzu oraindik Mario Gomez. Eskura ikusten duzu hark
egindakoa berdintzea?
Errekorrek ez naute kezkatzen. Nik argi dut torneoz torneo eta partidaz partida
jokatuko dudala. Erretiroa hartzear nagoenean, agian erreparatuko diet
errekorrei. Hala ere, berri txarra da hain xakelari gutxiren artean egotea
banatuta txapelak eta podiumeko koskak azken urteetan. Errotik aldatu behar da
euskal xakea.
Ez da berria euskal xakean belaunaldi bat sortzeko arazoak egotea. Orain,
zuen belaunaldia da nagusi. Posible ikusten duzu belaunaldi horrek berriro 30
urtez titulu guztiak bereganatzea?
30 urtez ez, baina bai gerta daiteke denbora luzez hala izatea. Nik nahiko nuke
gazteek aurrerapauso bat ematea eta gu lehen lerrotik kentzea, baina ez naiz
oso baikorra. Zoritxarrez, zaletasun handiagoa daukagunok eta gehien
entrenatzen eta ikasten dugunok gaude goian. Hori egin ezean, oso zaila da
jauzia ematea.
Nola ikusten duzu xakearen etorkizuna Euskal Herrian? Eta gazteen artean
xakea sustatzeko abian jarritako egitasmoak?
Euskadiko Federazioa gaizki ari da, eta ez du aitzakiarik horrela aritzeko.
Klubak zerbait gehiago egiten ari dira, baina, hala ere, gutxi. Nolanahi ere,
jokalari gazteen pentsaera aldatu beharra dago. Gogor lan egiteko ohitura
sustatu eta zabaldu beharra dago. Gaur-gaurkoz, eta salbuespen apur batzuk
kenduta, erdi mailako xakelari asko ari gara galtzen bidean, eta horrek ondorio
txarrak besterik ez du.
Euskal selekzioa nazioartean aritzeko zenbait egitasmo jarri ziren abian
duela urte batzuk. Egun ba al dago horrelakorik?
Euskadiko Federazioa oso zuhurra da kanpoko harremanei dagokienez. Eta hala
izan behar duela uste dut. Hala ere, arlo pribatuan, klubetan egitasmo
interesgarriak daude euskal selekzioari dagokionez. Egitasmo horiek babesa
ematen diote euskal selekzioari, eta, nire ustez, bide ona da hori.
Nazioarteko xakeari dagokionez, hilabete batzuk barru jokatuko da Munduko
Txapelketako finala. Viswanathan Anand indiarra eta Magnus Carlsen norvegiarra
izango dira aurrez aurre. Zer-nolako finala espero duzu? Carlsen nagusi izan
zen hautagaien torneoan. Anandi irabazi diezaioke?
Hautagaien torneoak denetarik izan zuen: partida ikusgarriak, jokaldi bikainak,
huts larriak... Eta, lehia horretan, Carlsen izan zen nagusi. Finaleko partidak
luzeak eta teknikoak izango dira, eta hor Carlsenek bere gaztetasuna baliatu
dezake, Anand jada ez dagoelako hori eusteko moduan. Txapeldun ikusten dut
Carlsen.